XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etxekoek aurrezki batzu bilduak zituzten eta hauoi esker lasaieraz bizi nintzen, neure mantenua irabazteko beharrik gabe, langilegoaren elkartasunezko sentipenetan aktiboki parte hartzeko premiarik edukitzeke (zeren lan egiteko beharra izan banu nik, soil-soilik proletari lan egiten jakingo nukeen). Barkaezina.

Ezgauzakeria nire baitan pizturik neukan hain biziki ezen, azkenean, nik ere hura onartzen bukatuko nuela neure pertsonari datxekion gaitz sendaezin bezala.

Gainera, zertarako lan egin sinesten ez duzun gizarte batetarako? zertarako lan egin ahalik eta diru gehiena irabazteaz soilik arduratzen den mundu batetarako, lan pertsonalari buruz hala nola mantentzen ari den gizarteari buruzko inolako kritikarik bere buruari planteatzen ez dion mundu batetarako? zein zentzu ote dauka zortzi orduz segidan lan egiteak bizitzen zareneko haitzuloaren errenta ordaindu ahal izateko?.

Gurasoek pilatutako aurrezki urrien lepotikan bizitzea posible bazitzaidan beti bost axola eman bait zidan kotxe baten jabe izatea ala ez izateak, jauregian ala artzainen bordan bizitzeak, bidioa edukitzeak ala ez (maitagarriagoak benetako zineetako pantailak), zertarako ahalegindu esplotatu bat gehiago izaten?.

Ni baino esplotatuago dabil lantegiko ugazaba bera, putre hori.

Baita ugazabak izatean amesten duten langilego galdua ere.

Hamarrak eta hamar ziren.

Beti hamarrak eta hamar.

Bizitza eskuen artetik hamarrak eta hamarretan joan izan bailitzait.

Harearik gabeko harea-erloju bat (sekula ez du huts egiten horretarako zerbaitek gertatu beharko luke).

Ordu penagarri bat eta okadarainoko bizitza betebete bat.

Neure buruari galde egiten nion ni neu Jacques Andreotti izango ez ote nintzen.

Eta neure aurpegiaren ispiluan bilatu nuen.

Ispiluan iltzaturiko itzal biluzi baten moduan norberak bere burua gaitzestea, galde eginez, begiradari beti galdetuz, (...).